miércoles, 30 de diciembre de 2009

AUTOESTIMUA


AGHA duten haur askok autoestimu arazoak izaten dituzte. Guk, irakasle garen heinean, badugu nolabaiteko eskuhartzea umeen autoestimua garatzeko.
Hona hemen orientabide batzuk:

  • Ikasgelan AGHA duen haur bat izateak dakartzan zailtasunak onartu
  • Ikasleak egiten duen esfortsua ikusi
  • Kofiantza handia eskaini
  • Hizkuntzaren erabilera aldatu: hain erabilia den "EZ" hori saihestuz. Adib.: "ez egin korrikarik!" esan beharrean "astiroago ibili" esan.
  • Akusazioak, ridikulizazioak eta errespetu faltak ekidin. Zerbait gaizki egiten duenean, mota honetako formak erabili: "ni txarto sentitzen naiz zuk etxeko lanak ekartzen ez dituzunean aurreratzen ez duzula ikusten dudalako".
  • Haurraren integrazioa ahalbidetzen duten ekintzak bultzatu (talde lanak, talde dinamikak, jolasak...)

martes, 29 de diciembre de 2009

SEMAFOROAREN TEKNIKA

Irakasleok ikasgelan erabili ditzakegun teknika erabilgarri batzuk dituzue honakoak...

SEMAFOROAREN TEKNIKA!

Ikaslea, berak kontrolatu ezin duen egoera batera iristean (urduritasuna, haserrea, egonezina...) erabiliko da.

1. Argi gorria: GELDITU!
Jarrera negatiboa geldiarazi eta lasaitasun egoera batera iritsi behar da (arnasketa ariketak eginez, hitz eginez, abestuz...)

2. Argi laranja: PENTSATU!
Hartu duzun jarreraz jabetu eta erantzun egokia zein den pentsatu.

3. Argi berdea: AURRERA!
Lasaitutakoan erreakzionatu.

lunes, 28 de diciembre de 2009

TRATAMENDU ALTERNATIBOAK

Medikazioa alde batera utzita, badaude zenbait tratamendu alternatibo arreta falta edota hiperaktibitatea dutenentzat oso lagungarriak izan daitezkeenak, adibidez: Bach doktorearen lore esentzien terapia. Ikus ezazue artikulu honetan.

domingo, 27 de diciembre de 2009

LIBURUAK

"EL ALUMNO CON TDHA"

Irakaslentzako oso liburu gomendagarria. Bertan irakasleak beharrezkoa duen informazioa aurkituko du: haurren ezaugarriak, motibatzeko zer egin, estrategiak, gurasoei nola lagundu, irkasleen jarrera haurrekiko...






"ESTRATEGIAS PARA ENTENDER Y AYUDAR A NIÑOS CON TRASTORNO POR DÉFICIT DE ATENCIÓN CON O SIN HIPERACTIVIDAD"

Irakasleei zuzenduriko liburua duguhonako hau. Oso baliogarria AGHA duten ikasleak ulertzeko, eta horrela, beraien irakaskuntza prozesua hobeto bideratu ahal izateko.





"HIPERACTIVIDAD: ESTRATEGIAS Y TÉCNICAS PARA AYUDARLOS EN CASA Y EN LA ESCUELA"

Guraso eta irakasleentzat. Bizi esperientziak batzen ditu: bai arreta gabezia pairatzen duten pertsonena, baita AGHA duten haurren gurasoena ere.






"VIVIR CON UN NIÑO HIPERACTIVO"

Gurasoentzat bere seme-alaben heziketan lagungarria egin dakieken gida-liburua duzue honakoa.

martes, 22 de diciembre de 2009

Psikoestimulatzaileak eta mitoak


- Psikoestimulatzaileek dependentzia sortzen dute

Medikuak adierazitako neurrian eta eran kontsumitzen badira, ez dute dependentzia sortzen

- Gaztarora heltzean psikoestimulatzaileen eraginkortasuna amaitu egiten da
Haurtzaroan etagaztaroan psikoestimulatzaileen eragonkortasuna antzekoa da (%70-80)

- Psikoestimulatzaileek bigarren mailako ondorio ugari sortzen dituzte
Bigarren mailako ondorioak sor ditzaketen arren, ondorio arinak dira denbora epe laburrean desagertzen direnak

lunes, 21 de diciembre de 2009

AGHA ETA PERTSONAI FAMATUAK

AGHA izateak ez du esan nahi urrutira heldu ezin garenik edota markak hautsi ezin ditugunik. Hemen aurki ditzakegu esandakoaren adibide argi batzuk, AGHA izan duten pertsonai ezagun batzuengan: Michael Phelps, Leonardo Da Vinci, Thomas Alva Edison, Albert Einstein edota Fernando Verdasco.

Hortaz, ez ditzaiegun jarri mugarik AGHA duten pertsonei!

miércoles, 16 de diciembre de 2009

MEDIKAZIOA

10 umetatik 7k medikamentuen beharrizana izaten dutela diote. Medikamentuen helburu nagusia arreta gabeziak edota hiperaktibitateak sortutako sintomak murriztea da. Helburu hauek erdiesteko psikoestimulatzaileak dira erabilienak. Honako hauek dira erabilienak:

Argi izan behar duguna zera da...
MEDIKAMENTUAK LAGUNGARRIAK DIRA; EZ SOLUZIOA!

miércoles, 9 de diciembre de 2009

???????

Datu, azalpen edota argudio ezberdinak erakutsi aurretik... zer uste duzue haurrak medikatzeaz? Zilegia iruditzen zaizue? Beharrezkoa al da? Zein iritzi duzue honetaz?

lunes, 30 de noviembre de 2009

IRAKASLEENTZAKO GOMENDIOAK

Miren Jokinen irakaslea da. Hasieran ez zekien nola jokatu, zer egin, nola lagundu zezakeen Jokin. Baina, denborarekin eta informazioa jasoz ikasi egin du, eta gaur egun badaki Jokinen moduko ikasleak ulertzen eta tratatzen.

Ez da erraza arrotza zaigun egoera batera denbora mugatu batean egokitzea. Horregatik uste dut gomendio hauek lagungarriak egingo zaizkiola ikasgelan arreta gabezia edota hiperaktibitatea duen haur bat duen edozein irakasleri:

  1. Eduki ezazu zure ondoan
  2. Ados ezazu keinuzko lengoaia bat zure ikaslearekin, zerbaitetaz ohartarazi behar duzunerako.
  3. Saia zaitez berari begiratzen zerbait azaltzen edo jarraibideak ematen ari zarenean
  4. Tarteka eska iezaiozu zuk emandako azalpena errepikatzeko, bakarka, emandako informazioaz jabetu dela ziurtatzeko.
  5. Azal iezaizou ariketen jarraibideetan azaltzen den hiztegia.
  6. Azal iezazkiozu lantzen ari zareten gaiaren alderdi garrantzitsuenak.
  7. Azpimarratzera bultzatu.
  8. Lanak zati txikitan eman eta denbora-tarte txikitan eskatu.
  9. Oso maiz berrikusi lanak.
  10. Ondo egiten duena errefortzu gisa erabili eta ez azpimarratu akatsak.
  11. Jarduera bisualak eta dinamikoak proposatu.
  12. Zorrotzegia izanda ez da hiperaktibitatea ezabatzen; aitzitik, zorroztasunak desmotibatu egiten ditu eta porrot sentsazioa areagotu.
  13. Hizkera argi eta zehatza erabili.
  14. Zigorrak gatazkarik gabeko uneetan ezarri.
  15. Ez kritikatu jende aurrean ezta nabarmen utzi ere. Aktsak bakarka hitz egin berarekin eta irtenbideak proposatu.
  16. Saia zaitez gertu zaituela sentiarazten. Zeu zara haren gidaria ikastetxean; gogora iezaiozu bertan izango zaituela behar bazaitu.

Web orrialde honetan aurki ditzakegu irakasleontzat lagungarriak izan daitezkeen gomendio, informazio, datu... ugari.

lunes, 23 de noviembre de 2009

GURASOAK

Jokinek gurasoak ditu. Jokinen hezkuntzan, haur guztien modura, etxean jasotzen duen hezkuntzak eta eskolan jasotzen duenak baldintzatzen dute, batik bat. Hortaz, ezinbestekoa da eskola eta familiaren arteko elkarlana. Honetarako beharrezkoa da eskolak hezkuntza premia bereziak dituen haur baten familiaren ezaugarriak ezagutzea, behar dutena jakitea eta dituzten eragozpenak zeintzuk diren jakitea. Hortik abiatuta jakingo dugu eskola moduan nola lagundu diezaiekegun.

Ezaugarriak
  • haurraren premia bereziak onartu eta ulertzeko denbora, laguntza eta informazioa behar dute
  • kasuren batean egoera uka dezakete
  • garrantzi handia ematen diote beraien seme-alabek gainontzeko haurren gauza berberak egiteari
  • ikaskuntza prozesuan parte hartu nahi izaten dute
Zer behar dute?
  • haurraren garapeneko alderdi positiboen berri izatea
  • eskolan burututako lanari buruzko informazioa: zer ikasi behar duen eta erdietsitakoa
  • haurra eskolan integratzeko erari, ematen zaion arretari eta haurraren premiak asetzeko moduari garrantzia handia ematen diote
  • premia bereberak dituzten gainontzeko umeen familiekin harremanetan egotea komeni da
Nolako eragozpenak dituzte?
  • haurra eskolaratzen duten momentuan somatzen dira bere defizitaren ondorioak, eta gurasoak premia hauei aurre egin beharrean aurkitzen dira
  • seme-alabaren defizitari aurre egiteko eta bere mugak onartzeko denbora jakin bat beharko dute
  • familiak berak ere premiak izaten ditu (informazioa jasotzeko, haurrari nola lagundu jakiteko...)
Nola lagundu diezaiekegu?
  • seme-alaben premiei buruzko informazioa emanez
  • eskolan haurrarekin burutuko den lan-plana aurkeztu
  • gurasoekin lankidetzan aritu
  • defizit bera duten haurren gurasoekin harremanetan jarri
  • laguntza zerbitzuei buruzko informazioa eta kontaktuak emanez (aholkulariak, laguntzako irakasleak, multiprofesionalak...)

martes, 17 de noviembre de 2009

ELKARRIZKETA

Angela Magaz psikologoari Berria aldizkariak egindako elkarrizketa duzue honako hau.
Ideia interesgarri ugari aurki ditzakegun arren honako ideia hau da esanguratsuena nire aburuz:

ARRETA GABEZIA EDO/ETA HIPERAKTIBITATEA
EZ DA ARAZO BAT,
IZATEKO ERA BAT BAIZIK

lunes, 16 de noviembre de 2009

ESPERIENTZIA BAT

Alazne talde berdean dago. Eta Jokinek bezala arreta gabezia hiperaktibitatearekin du. Hau da bere esperientzia...


Alaznek urte bete zuela konturatu ziren gurasoak bere alabari zerbait gertatzen zitzaiola. Eskolan arazo ugari izan zituzten zuzendaritzarekin, irakasleekin, tutorearekin... inork ez zuen ikusi nahi begi bistakoa zena. Neurologo batek baieztatu zuen arte: "Alaznek arreta gabezia hiperaktibitatearekin du". Medikazioa, tratamendu neurologikoa eta psikopedagogikoa eta hezkuntza laguntzailea sartuko dira Alazneren eguneroko bizitzan.

Eskolak Alazneren berezitasuna ikusi zuenerako urte bete igaro zen; Alazneren ikasle bizitzako urte bete. Hurrengo ikasturtean laguntzako irakasle bat jarri zioten kontrolatzaile gisa: lanak egin zitzan eta aulkitik altza ez zedin. Hau gutxi balitz urte betean txangoetara joan gabe egon zen, eta behin, pasilo erdian eseri zuten ikasle guztiek ikus zitzaten zigor modura. Eskolak ez zuen Alazneren gaixotasuna ulertzen.

Kurtso amaieran ikasle guztiek jaso zituzten notekin batera liburu bat eta txokolatina bat... ikasle guztiek Alaznek izan ezik. Alazneren autoestima oso baxu geratu zen.

Nahiz eta hiperaktibitatea duten haurrei aldaketake z zaizkien komeni, gurasoek eskolaz aldatzea erabaki zuten. Gaur egun Alazneren gurasoak pozik daude eskolak Alazneren berezitasuna ikusi eta ulertzen dutelako.
"Irakaslea naiz eta badakit ez dugula zertan jakin nola tratatu arazoak dituzten haurrak. Baina ikasteko gogo faltak eta laguntzeko borondate ezak amorratzen nau" dira Alazneren amaren hitzak.

(informazio iturria: "Mujer hoy" aldizkaria, 2008ko maiatzaren 24-30)

martes, 10 de noviembre de 2009

ZENBAKI INTERESGARRIAK


  • Gaur egungo haurren %4-8ak arreta gabezia edota hiperaktibitatea pairatzen du.
  • AGHA 4 aldiz ohikoagoa da gizonezkoengan emakumezkoengan baino.
  • Urteekin murriztuz doan arren, %30-70ean heldutasunean oraindik dirau, eta %80 nerabezaroan.
  • AGHA duten haurren %20ak ikaskuntzan arazoak ditu (irakurtzeko, idazteko, matematikarako...).
  • %30-50ak jokabidean arazoak ditu.
  • %20-30ak arazo afektiboak ditu.
  • %25ak antsietatea du.
  • %25-50ak loaldi arazoak ditu.

NOLA AZALDU UMEEI ZER DEN AGHA?

Jokin talde morean dago. Bere ikaskide diren Mariak, Hodeik, Silbiak, Begoñak... ez dakite zein den bere berezitasuna. Egoera honetan irakasleari galdera bat etor dakioke burura: nola azaldu Jokinen ikaskideei bere berezitasuna? Hona hemen adibide praktiko bat.




domingo, 8 de noviembre de 2009

ZER DA?

Jokinek arreta gabezia edota hiperaktibitatea (AGHA) du. Arreta gabeziarekin zerikusia duen gaixotasun bat da, zein hiperaktibitatearekin batera agertu daitekeen edo ez. Gaixotasun kronikoa da, hots, gaixotasun hau pairatzen duen pertsonak gaixotasun hau pairatuko du bere bizitza osoan zehar. Hala ere, tratamendu egokia erabiliz gero bizimodu normala eraman dezake bai sozialki, bai akademikoki, bai bere bizitzako gainontzeko alorretan ere. Arreta gabezia eta/edo hiperkatibitatea hiru sintoma nagusik ezaugarritzen dute:

1. ARRETA GABEZIA
  • arreta erraztasunez galtzea
  • kontzentratzeko zailtasuna
  • ekintza konkretu batean denbora luze batez arreta mantentzeko ezintasuna
  • entzuten ez duenaren itxura
  • etxeko lanak egiteko zailtasuna
  • jolasean aritzeko zailtasunak
  • objektuak maiztasunez galtzea
  • aginduak jarraitzeko zailtasunak
2. HIPERAKTIBITATEA
  • gehiegizko mugimendu irrazionalak
  • aulkian eserita dagoela hankak mugitzea edota bertatik altxatzea
  • lasterka edo jauzi egitea momentu desegokietan
  • gehiegizko hitz egitea
3. INPULTSIBITATEA
  • gauzak pentsatu gabe egitea
  • autokontrol eza
  • inpultsuak berehala asetzeko beharra
  • ekintzak edo elkarrizketak behin eta berriz etetea
  • txanda mantentzeko zailtasuna
Arestian aipatutako sintoma hauen arabera, gaixotasun honen hiru mota bereiz ditzakegu:

1. KONBINATUA: arreta gabeziaren sintomez gain, hiperaktibtate-inpultsibitate sintomak dituenean.

2. ARRETA GABEZIA: arreta gabeziaren sintomak dituenean, baina ez ordea hiperaktibitate-inpultsibitateari dagozkionak.

3. HIPERAKTIBITATE-INPULTSIBITATEA: hiperaktibitate-inpulsibitatearen sintomak dituenean, baina ez ordea arreta gabeziari dagozkionak.

miércoles, 28 de octubre de 2009

NIRE AURKEZPENA

Nagore naz. Musika Hezkuntzako ikaslea.
Eskolaz kanpoko ekintzetan trikitixako irakaslea naz
eskola batzutan.
Eskola horietako bakotza mundu bet da.
Ta eskola horretako ikasle bakoitza beste mundu bet.
Nonoz hiperaktibitatea pairatzen deuen umeren bat
euki dot ikasle, ta honek gaixotasun horrekiko interesa piztu dozte.
Hau izan da arreta gabezia edo/eta hiperaktibitatea gaia aukeratzera eraman dozten arrazoia.

SARRERA


Eskola mundu bat da.
Ikasgela bakoitza beste mundu bat da.
Eta ikasle bakoitza mundu bakar eta berezi bat da.

Begoña 8 urteko ikaslea da eta bere gurasoak banatuta daude;
Maria oso ona da ikasketetan;
Hodeik dislexia txiki bat du;
Ioana trikitilaria da;
Jokinek hiperaktibitatea du;

GOAZEN JOKINEN MUNDURA SARTZEN...